Santo Tomas eguna ohiko moduan ospatuko ez den arren, haur eta gaztetxoei zuzenduriko marrazki lehiaketa antolatu du Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak.

Ez ohiko Santo Tomas eguna izango da aurtengoa. Pandemiaren ondoriozko neurriak medio, eta batez ere ostalaritzaren itxierak eraginda, ez da egunaz disfrutatzeko betiko aukerarik izango. Dena den, haur eta gaztetxoei zuzenduta, Gabonetako marrazki lehiaketa antolatu du Bertan Elkarteak.

Parte hartu nahi dutenek Gabonen inguruko marrazki bat egin beharko dute, din A4 neurriko paperean, nahi duten teknika erabiliz. Marrazkia norberak bere kasara egin beharko du, etxean, eta Udaletxe azpian kokatuko den postura eraman beharko du Santo Tomas egunez 10:00tatik 12:00tara bitartean.

Jasotako marrazkiak Udaletxe azpian ikusgai izango dira egunean zehar eta arratsaldeko 19:00tan Diart arte eskolako kideek osaturiko epaimahaiaren baloraziopean, saridunak ezagutzera emango dira.

Hiru mailatan bereiziko da lehiaketa; (1) lehen hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailak; (2) lehen hezkuntzako 4. 5. eta 6. mailak; (3) eta bigarren hezkuntza. Maila bakoitzean hiru saridun izango dira eta 50€, 30€ eta 20€ko erosketa bonoak lortuko ditzute hauek.

Hemen kontsultatu ditezke lehiaketaren oinarriak.

Merkatari Elkarteak Azpeitiarrak Santo Tomas egunez herrian gelditzera animatu nahi ditu, etxeko txikienentzako ekimen hau antolatuz horretarako.