TICKETBAI sistemaren inguruko FORMAZIOA eskainiko da merkatarientzat Azpeitian. Zehazki, apirilaren 22an, osteguna, 14:30tatik 16:30tara izango da Soreasu antzokian. Dagoeneko zabalik dago IZEN-EMATEA HEMEN.

TicketBAI hiru foru aldundiek eta Jaurlaritzak batera abiatutako proiektua da, eta bere helburua lege eta teknika arloko betebehar batzuk ezartzea da. TicketBAI indarrean jartzen denetik aurrera (merkatari gehienontzat 2022ko maiatzetik aurrera), jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek erabili beharko baitute argitaratzen diren beharkizun teknikoak betetzen dituen fakturazio software bat (ordenagailuko programa bat).

Sistema berri honek foru ogasunei ahalbideratuko diete zergadunen jarduera ekonomikoen diru sarrerak kontrolatzea eta, bereziki, amaierako kontsumitzaileak bezero dituzten jarduerenak. Era berean, informazio hori zergadunei beren zerga obligazioak betetzen laguntzeko erabiliko da.

Fakturazio programa desberdinak egokitu egin beharko dira, jarduera kontrolatzeko behar den zerga informazio osoa duen fitxategi bat sor dadin, faktura bakoitza egin aurretik. Behin faktura eginez gero, fitxategia ogasun bakoitzari bidaliko zaio automatikoki. Fakturan, bezeroak ikusi ahal izango du TicketBAI erabiltzen ari dela. Izan ere, kode berezi bat eta QR kode bat agertuko dira, faktura ondo eginda dagoela egiaztatzeko behar den informazioarekin.

Honek guztiak sortzen dituen zalantzak, kezkak eta urduritasunak argitzea izango da formazio saioaren helburua. Beraz, animatu eta eman izena.